Arabako Foru Aldundiko Txistularien Banda erakundearen historioaren parte da eta kultura identitatearen sinboloetako bat da.

2010ean Bandaren diamantezko ezteien ospakizuna une aproposa izan zen bandako partaide izan diren musikariei egindako lana eskertzeko, izan ere, gure lurraldean zein kanpoan Arabako kultura eta folklorea zabaltzen lagundu dute.

1935eko otsailaren 15ean sortu zenetik Aldundiko txistularien bandak bizi izan dituen 75 urteen nondik norakoak jaso dira web orri honetan. Domingo Martínez de Aragón Arabako diputatu nagusi izandakoa oroitzeko eta omentzeko plaka bat desestali zenean eman zuen bandak bere lehenengo kontzertua Florida parkean. Harrezkero ur asko igaro da zubi azpitik: gure bandak nazioko zein nazioarteko lehiaketa anitzetan parte hartu du, baita bisitan etorri diren edo beren egoitzatako harrera jaietan jotzeko gonbidapena luzatu dieten pertsona ospetsuren aurrean jo ere.

Aldundiko lehendakariak, Luis Dorao Merinok, izan zuen miñoietara atxikitako txistularien banda bat sortzeko ideia. Modu horretan, Araban XIX. mende amaiera arte mantendu zen usadioari erakunde maila eman zitzaion, ia herri guztiek baitzuten beren langileen artean txistulari batez eta danbor jole batez osatutako bikotea.

Gaur egun, Arabako Foru Aldundiko txistularien banda, identitate sinbolo izateaz gain, kultura zabalkuntzarako elementu garrantzitsu bat da. Beren interpretazioei esker, Luis Aranburu, Jesús Guridi edo José Luis Cantabrana bezalako konposatzaile arabarren sona handiko obrak zabaldu egiten dira.


Bandako partaide zaretenoi edo partaide izan zaretenoi, ESKERRIK ASKO.
Arabako Foru Aldundia